XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zen bere urduritasunaz erabat jabetu halere, oroimenak ostera An-ekikoa oroitarazi ez zion arte.

Orduan trumilka etorri zitzaizkion gogora auziaren irudiak.

Hala, pub-eko elkarrizketa berritu zuen bere baitan, eta kopien gelakoa, gutunarekin joan zitzaionekoa, eta kopien gelako bigarrena, An-en erantzuna jakin zuenekoa.

Guztiak errepasatu zituen, baita zeharka ezagutzen zituenak ere, hala nola An-ek bere gurasoekin izan omen zuen elkarrizketa edo zuzendaritzakoek dagoeneko beren artean izan bide zutena, eta gogorazioek irakiten jarri zioten barrena.

Ez al zegoan, bada, dena bukatuta?

Zergatik bueltatu haiz horra? entzun zuen barruko ahotsa.

Mina zuen hatz puntetan eta gorputza dardar.

Eta siloitik altxata, gelaren erdiraino joan zen.

Dibujoko mahai aurrean zutik, ukabilak finkatu zituen haren gainera, eta gorputzaren pisu guztia bertara bilduz, makina berriaren planoei begira geratu zen.

Baina ikusitakoak ez zion barruko asaldaziorik baretu; aitzitik, unetik unera ilunago zuen begitartea.

Zer pasatzen zaik, baina? galdetu zion barruko ahotsak, gupiturik.

Bada lehenago edo geroago pasa behar zitzaidana, pott egin dudala, alegia.

Jadanik ez nauk lan honetan jarraitzeko gauza.

Ez nauk gai.

Ez al duk ulertzen?